
Joseba Sarrionandia idazle iurretarra izango du ardatz Durangon egingo den Zilar Astearen lehen edizioak. Martxoaren 24tik 28ra ospatuko da eta hainbat ekitaldi izango ditu, besteak beste, ‘Koblakariak behar ditugu’ ikuskizuna, ‘Aulki hutsa’ antzezlana edo ‘Sarrionandiaren memoriaren mapa’ izeneko ibilbidea. Antolatzaileek prentsaurrekoan adierazi dutenez, urtero antolatuko dute eta bakoitzean ardatz bat izango du, ???ardatz hori gai bat, pertsonaia bat edo gertakari bat izan daiteke???.
Zilar Asteak hiru ezaugarri izango ditu, aipaturiko ardatz horrek ???euskarazko kulturan eman edo ekarri duena landu eta plazaratzea; diziplinartekotasuna lantzea, euskarazko kulturan ardatz horrek eman duena plazaratzerakoan eta herri kulturgintza lantzea???, Igor Elortzak adierazi duenez.
Lehen ediziorako Joseba Sarrionandia idazlea aukeratu dute, ondo baino hobeto islatzen dituelako aipaturiko ezaugarri horiek: ???obra zabaleko autorea da, literatura lanetan denetariko generoak landu dituena eta bestetik euskal idazlerik taularatuenetakoa eta musikatuenetakoa delako eta gainera Durangaldeko semea delako???, argitu du Elortzak.
Horrela, Sarrionandiaren inguruan egitarau zabala antolatu dute martxoaren azken astebururako. Martxoaren 24 eta 25ean ‘Koblakariak behar ditugu‘ ikuskizuna emango da Plateruenan. 24an Batxilergoko ikasleentzat izango da eta 25ean (20:00etan) nahi bertaratu nahi duten guztientzat.
San Agustin Kultur Guneak berriz ‘Aulki hutsa’ antzezlana eskainiko du martxoaren 26an, 22:00etan. Hurrengo egunean, 27an, Durangoko Udal Liburutegian Sarrionandiaren inguruko eskola emango du Xabier Mendigurenek. Goizeko hamarretatik aurrera.
Azkenik, martxoaren 28an, igandea,’Sarriren memoriaren mapa’ izeneko ibilaldi bat egingo da Iurretan zehar. Alberto Errazti Plateruena kafe antzokiko lehendakariak gidatuko du. Ibilbidean zehar geldialdiak egingo dira, Joseba Sarrionandiaren testuak irakurriz. Ibilbidea Plateruenatik abiatuko da goizeko hamarretan.
Plateruena kafe antzokia, Karrika kale antzerkia, San Agustin Kultur gunea, Durangoko Institutua, Ibaizabal ikastola, Maristak eta Jesuitak ikastetxeak, Durangoko udala eta Berbaro elkartea dira Zilarrezko aste honen antolatzaileak.