Atxondoko Udalak ekainaren 20tik irailaren 4ra arte irekita mantenduko du aurten herriko igerilekua, hau da, iaz baino bi aste gutxiago. Hala ere, abonuen prezioak iazko berdinak izango badira ere, astegunetako eta asteburuetako sarreren prezioa berdintzea erabaki dute udal arduradunek.
Iazko bainu-denboraldia ekainaren 21etik irailaren 13ra arte iraun bazuen ere, “ekaineko lehen egunetan eta irailean oso jende gutxi egon zen igerilekuan”, David Cobos Atxondoko alkatearen esanetan. Denboraldia laburtzeak gastuen murrizketa ahalbidetuko du, argindarra, kloratua edo bertako langileen soldaten bidez eta, bataz beste, gastuaren seiren bat aurreztea espero dute Udal arduradunek.
Bestalde, aurtengo abonuak iazko prezio berdinak izango dituzte, eta erabiltzaileek “batez ere uztailan eta abuztuan gerturatzen direla” kontuak izanda, “abonuen prezioak mantentzeak ez du gehiegizko eraginik izango”.
Aurten sasoiko familia-abonu arruntak 61 euro balioko ditu herritarrentzat eta 102 euro erroldatubakoentzat; familiaburua langabetua eta jubilatua bada berriz, 31 eta 51 euro ordaindu beharko dira, hurrenez hurren. Herriko familia ugariak 31 euro ordainduko dituzte abonuagatik eta kanpokoak 61 euro.
Herriko adingabekoek 23 euro ordainduko dituzte sasoi osoagatik eta adindunek 34 euro; Atxondotik kanpo erroldatutakoek 39 eta 57 euro ordainduko dituzte, hurrenez hurren.
Egunerako sarrera berdinduta
Egunerako sarreraren prezioa izango da aldatuko den bakarra. Iaz, adindunek prezio desberdina ordaindu behar zuten astegunetan (4,40 euro) eta larunbat edo jaiegunetan (5,50 euro). Aurten berriz, 4,50 euro ordainduko dute asteko zazpi egunetan.
Adingabeek berriz, 3,30 euro ordaintzen zituzten astegunetan zein larunbat eta jaiegunetan eta aurten 3,50 euro ordainduko dituzte asteko egun guztietan.