Mañariko Udalak eta Garai Brewing Companyk elkarlanean antolatutako Mañariko II. Garagardo Azoka ospatuko da zapatuan, arratsaldeko 18:00etatik gauerdira arte. Sei ordu iraungo dituen ekimenean, artisau garagardoen dastatzeak, musika agerraldiak eta bestelako ekitaldiak tartekatuko dira.
Lehenengo edizioaren arrakasta kontuan hartuta, esperientzia errepikatzea erabaki zuten antolatzaileek. Errepikatu eta hobetu, iaz lau garagardogile gerturatu zirelako Mañarira eta aurten sei ekoizle egongo direlako. Bertaratuko diren garagardogileak Garaiko Garai Brewing Company, Elgetako Baobeer, Gasteizko Garagart, Bilboko La Txika de la Cerveza, Mungiako Boga eta Sondikako Txorierri Garagardoak izango dira.
Bertaratzen diren garagardo zaleek janariarekin lagundu ahal izango dute edaria, Thate Streetfooden hot dogak dastatzeko eta pizzak eta izozkiak egiten dituen Gelati Gelatiren foodtruckak egongo baitira bertan. 18:00etatik 19:00etara garagardogileen postuetan dastatze gidatuak egingo dira, momentuan bertan talde txikietan batzen den jendearentzat.
Arratsaldeko 19:00etan musika ekitaldiak hasiko dira eta bata bestearen jarraian joko dute Elortegi anayak, Mud Candies eta Ou Mama! taldeek.
Aurten ere doako autobusak egongo dira Durango eta Mañaria artean. Durangoko Madalenatik (Bilborako noranzkoan) 18:00etan, 20:00etan eta 21:00etan abiatuko dira autobusak eta Mañaritik Durangorako bidea egingo dutenak 22:30ean eta 23:20an irtengo dira.