
Zornotzako Boroa auzoak gaurtik aurrera ospatuko ditu San Pedro jaiak. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte sei egunetan luzatuko diren jaietarako. Ospakizunak 19.00etan jaurtiko den txupinazoarekin hasiko dira eta jarraian, hirugiharra, sardinak eta Egoitz eta Iratxe trikitilariak izango dira.
Jaietako egun handia, bihar ospatuko den San Pedro alegia, Paula Aurrekoetxea eta Antonio Apraizen oroimeneko mezarekin hasiko da 12.30etan. Ondoren lore eskaintza eta txistulariak egongo dira. Arratsalderako bikotekako briska txapelketa eta igel txapelketa antolatu dituzte.
Ostiralean, auzoko hildakoen aldeko meza izango da 12:30ean, eta eguerdirako herri bazkaria antolatu dute. Arratsaldean hainbat txapelketa egongo dira; 16:30ean hasita, briska, tute, tortilla eta umeen eta nagusien bolo txapelketak egongo dira. Gaueko giroa Xabier Aburruzaga eta Joseba A. Urrutia trikitilariek animatuko dute.
Ehiza txakurren txapelketarekin hasiko da larunbateko egitaraua. Eguerdian umeentzako puzgarriak izango dira eta eguerdiko ordu bietan paella txapelketara aurkeztutako jakien aurkezpena egingo da. 17.00etan mus txapelketari hasiera emango zaio.
Gaueko hamarretatik aurrera idi probak izango dira eta gauerdian Joxe Angel Elizaldek girotuko duen erromeria hasiko da. Eguneko ospakizunak txokolatada batekin bukatuko dira. Igandean, 10.00etan, trikikarro-poteoa hasiko da, eta eguerdiko bazkariarekin osotuko da eguna.
Boroako jaiak uztailaren 9ra arte luzatuko dira. Egun horretan egitaraua hildako bazkideen mezarekin hasiko dute. Bazkide bazkari eta igel eta bolo txapelketak ere antolatu dituzte eta jaiegunak bukatzeko errifa zozkatuko da.