
Urtarrilean hasitako ‘Itsasoa, hitzez eta ahotsez’ ekimenak aurrera jarraitzen du eta datorren ostiralerako sei ordu iraungo duen jendaurreko irakurraldia iragartzen dute. Durangoko Plateruena Kafe Antzokian burutuko den ekimenean idazle ezagunen testuak irakurri eta abestuko dira, euskaraz idatzitakoak zein euskaratutakoak, eta horiekin batera zenbait sortzailek egun horretarako propio egindakoak entzungo dira.
Arratsaldeko seietan hasiko den ekimena nahi duen edonori dago irekita. Dagoeneko 225 pertsonatik gora eman dute izena eta antolatzaileen esanetan “oraindik azken ordukoren bat balego ateak zabalik ditugu”. Horretarako hitzezetaahotsez@gmail.com emailera idatzi behar da.
Guztira 250 lagun biltzeko esperantza dute, irakurle, abeslari eta musikariak kontuan hartuz. Partaideen taldea anitza izango da eta bertan izango diren pertsona ezagunekin batera, idazleak, bertsolariak, poetak, abeslariak eta, batez ere, irakurleak hartuko dute parte. “Izarren bat edo beste egongo den arren, ez da izarren gaua izango, partaideen gaua baizik”, antolatzaileen esanetan.
Propio sortutako testuak
Sei orduz etenbarik iraungo duen ekimenean Joseba Sarrionandia, Leire Bilbao, Martin Iturbe, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Txomin Agirre, Pako Aristi, Toti Martinez de Lezea, Jon Maia, Aurelia Arkotxa, Edorta Jimenez, Karmele Igartua eta Koldo Izagirreren testuak irakurri edo abestuko dira. Horiekin batera, Charles Baudelaire, Sophia de Mello, Friedrich Hölderlin, Manoel Antonio, Walt Withman, Juan Ramon Jimenez edo Pablo Nerudaren lanen itzulpenak ere entzungai izango dira.
Saioa biribiltzeko “zenbait sortzailek egun horretarako propio egindakoak irakurri edota kantatuko dira”, adierazi dute antolatzaileek.
‘Itsasoa, hitzez eta ahotsez’ egitasmoa urtarrilean hasi zen Eider Rodrigezen hitzaldiarekin. Arte eta Historia museoan izan zen ekitaldi horretara 50 pertsonatik gora gerturatu zen eta, kontuan izanda “literaturari buruzko hitzaldia” zela, kopurua “polita” izan zela iritsi diote antolatzaileek.
Berbaldiak Rodriguezek berak idatzitako ‘Itsasoa da bide bakarra’ liburua izan zuen hizpide. Obra horrek itsasoak Sarrionandiaren literaturan izan duen presentzia aztertzen du. Antolatzaileen ustez, interesgarria izan zen “emakumeok Sarrionandiaren literaturan izan dugun rola ikerlariarengandik ezagutzea”.
Literaturari lotutako egitasmoak otsailean eta martxoan izan zuen jarraipena Udal Bibliotekan burututako solasaldi dialogikoekin. Bertaratutakoek gustura jardun zuten literaturaz gozatzen eta antolatzailek bertan errotzeko esperantza dute “Katalunian hain hedatuta dagoen solasaldi mota hau”.