Iurretako Amatza auzoak San Martin jaiak ospatuko ditu asteburuan eta prestatutako egitarauan bihar iluntzean egongo den Trikitixa Jaialdia izango da ekitaldirik aipagarriena. Ospakizunak 18:00etan hasiko dira Donien Atxa altxatuta eta dantzarien ekitaldiarekin.
Joera eta osakera desberdineko sei talde bilduko dituen Trikitixa Jaialdia arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Bata bestearen jarraian, agertokian azalduko dira Leonen orroak, Agurtzane eta Ion Elustondo; Imanol Arrola, Julen Begoña, Susana Gomez eta Jon Ander Azkue; Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea; Gorka Valdés eta Mikel Elizaran; eta Iñaki Plaza eta Alex Gómez.
Eguneko egitaraua afari herrikoiarekin osatuko da.
Domekan egingo den tortilla txapelketa 20:30ean hasiko da eta jarraian egongo den afariaren ostean, Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldearen ekitaldia hasiko da.
Asteleheneko ekitaldiak 10:30etako trikitilarien kalejirarekin abiatuko dira. 12:00etan meza nagusia emango da eta jarraian auzoko dantzarien ekitaldia eta luntxa egongo dira. Bazkari herrikoiarekin eta bazkalosteko karta lehiaketarekin eta umeendako jolasekin osotuko dute egitaraua.