
Elorrioko Gaztetxeak kontzertu indartsu batekin agurtuko du urtea, agertokian Sermond’s talde elorriarra eta Ipar Euskal Herriko musikariekin osatutako Willis Dummond egongo baitira. Kontzerturako sarrera bakoitzak bost euro balio du eta dagoeneko salgai daude Gaztetxean bertan zein Parran eta Portalekun.
Hamar urteko ibilbidea biltzen duen argazki liburua eta barnean daraman bi kantaz osatutako biniloa aurkezten dabil abenduan zehar rock doinuak lantzen dituen Willis Drummond taldea.
Aurkezpen horren harira ematen ari diren kontzertuetan, ‘Tabula rasa’ taldearen bosgarren diskoan zein aurreko lauretan tartekatutako kantak eskainiko dituzte. Gainera, Neil Young eta Crazy Horse-ren kanta pare bat eskaintzeko asmoa iragarri dute.
Taldeak eskaintzen dituen kontzertuetako ezaugarri nagusiak, kanta zuzenak, azkarrak eta astunak, gitarra zorrotzak, euskaraz abesturiko letra ederrak eta post-rock doinuak dira.
Ekitaldiko bigarren protagonista Sermond’s talde elorriarra izango da. Biharko agerraldian taldearen izenarekin aurtengo ekainean argitaratutako bosgarren albumean tartekatutako kantak zein aldez aurretik argitaratutako beste lau lanetako abestiak entzuteko aukera eskainiko dute.
Laukoteak punk eta stoner doinuekin osatutako errepertorioa landuko dute, letra adierazgarrietan eta lelo esanguratsuetan oinarrituta.