Smurfit Kappa Nervion enpresako langile talde batek, Iurretako Udalak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak kudeatzen duten ‘Nagusien Bidelagun’ ekimena finantzatzen lagundu dute. Paper-fabrika iurretarrak bertako langile batzuei emandako 3.000 euroko diru-saria egitasmo horretarako bideratuko da.
‘Nagusien bidelagun’ gertutasun zerbitzuak, udalerriko pertsona nagusiek euren ohiko ingurunean jarraitzea, euren autonomia pertsonala erraztea, isolamendua eta bakardadea saihestea eta egitasmoaren hartzaile diren pertsonen edo/eta familien bizitza kalitatea hobetu nahi ditu.
2016ko apirilean abian jarritako egitasmoak, nagusientzat lagungarri diren ekintza xumeetan oinarritzen da. Boluntarioek, paseoan, sendagilearengana zein gestio puntualak egiten laguntzen diete pertsona nagusiei, bere bizitzarako autonomia eta independentzia mantendu ahal izateko.
‘Nagusien Bidelagun’ egitasmoak 6.000 euro inguruko aurrekontua du urtean eta kostuaren erdia ordainduko da emandako diru-laguntzarekin. Smurfit Kappa Nervionek enpresako langile talde batek emandako 3.000 euroak, enpresak berak aintzatespen gisa emandako dirusaria da, aurreko urtean egindako ez ohiko lana saritzeko. Izan ere, ‘2 zenbakiko Paper Makina, Laborategia eta Komertzial’ taldeek jasotako aintzatespena, lantegian egiten den maila goreneko kalitateko ‘Nertop N+’ paperaren homologazio garrantzitsua lortzeagatik izan da.
Sari emate ekitaldian, “lantegia dagoen komunitateko gizarte arloko helburu batera zuzentzea da sariaz gozatzeko modurik hoberenetakoa”, Fernando Larrinagak, saritutako langileen ordezkariak, adierazi zuenez.
Ekimen honetan parte hartzen duten boluntarioek, “ezinbesteko lekua betetzen dute mendekotasun edo bakardade egoerei erantzuna emateko orduan”, Bizkaiko Gurutze Gorriko gizarte zuzendaria Elsa Lópezen esanetan. Gurutze Gorriaren jarduera hori, “trukean ezer eskatu barik behar duten pertsonei laguntzen dieten boluntarioei esker” gauzatzen dela ere azpimarratu zuen Lopezek.
‘Nagusien Bidelagun’ programan “bi eragile elkartzen dira, nolabaiteko laguntza behar duen pertsona nagusia, eta bere denboraren parte bat laguntza hori ematera bideratzen duen boluntarioa”, Iñaki Totorikaguena, Iurretako alkatearen esanetan. Horregatik, eskerrak eman zizkien Bizkaiko Gurutze Gorriari “zerbitzu hori aurrera eramateagatik” zein Smurfit Kappa Nervion enpresari ere “erakutsi duen gizarte erantzukizunarengatik”.