Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren kale-neurketa egin zuen Durangon ekainaren 21, 23, 24, 28 eta 30ean eta uztailaren 1 eta 5ean, Udalak hala eskatuta. Lehenengoz egiten zen horren neurketa osoan 4.124 elkarrizketa behatu ziren, guztira 11.227 herritar solaskide zirela.
Ikerketaren ondoren argitaratutako datuen arabera, Durangoko Alde Zaharrean egiten da gehien euskaraz, elkarrizketen %29,6a euskaraz direlako eta gutxien Ibaizabal-Landako zonaldean (%14,1). Ikerketa burutu den hirugarren zonaldean, Ezkurdi-Madalenan berriz, %17,8an kokatzen da euskararen kale-erabilera maila.
Hizkuntza erabileraren kale-neurketaren emaitzak Plateruena Kafe Antzokian aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterreko teknikaria den Unai Basurtok, eta datu azpimarragarriena da ere %22,7ak hitz egiten duela euskaraz kalean, %75,4a gaztelaniaz eta %1,9a bestelako hizkuntzetan.
Eustatek 2011n egindako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistikaren arabera %48,9ak euskarazko hizkuntza-gaitasuna zuela kontuan izanda, ondorioa argi dago: euskaraz dakiten erdiak be ez duela erabiltzen kalean.
Eskualdeko datuekin alderatuta (%49,1ak euskarazko hizkuntza-gaitasuna du baina erabilera erreala %19ko da), bataz besteko hobeagoa du Durangok. Hala ere, zornotzarren %52,9ak zuen hizkuntza-gaitasuna eta erabilera erreala %23an zen eta Elorrioren kasuan portzentajeak %61,3an eta %33,4an dira, hurrenez hurren.
Umeak eta emakumeak
Logikoa bada ere, euskararen erabilera berantz doa adinak gora egiten duen heinean. Behatutako bi eta hamalau urte bitarteko haurren %37,8a mintzatzen da euskaraz. 15 eta 24 urte bitarteko gazteen %25,2ak erabiltzen du euskara; 25 eta 64 urte bitarteko helduen %18,8ak eta 64 urtetik gorako adinekoen portzentajea 14,5an kokatzen da.
Hala ere, haurrak nagusiekin daudenean %42,2ra igotzen da bataz bestekoa, baina umeak bakarrik daudenean portzentajea %19,7ra jaisten da. Nagusiek bakarrik daudenean berriz, euren arteko %14,3 solasaldiak dira euskaraz.
Ikerketak agerian utzi duen beste datu adierazgarri bat da emakumeak euskara maizago erabiltzen dutela. Behatutako solasaldietan, emakumeen %23,5a euskaraz mintzatzen da eta gizonezkoen portzentajea ia bi puntu gutxiago da (%21,6a). Sexuen arabera erabilitako hizkuntza nagusia gaztelania da gizonezkoen %76,1ean eta emakumezkoen %74,8an eta beste hizkuntza batzuetan mintzatzen dira %2,3a eta 1,7a, hurrenez hurren.