
Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa geldiarazteko edo proiektua gauzatzeko ahalik eta gehien atzeratzeko ahaleginetan jarraitzen du Atxondoko Udalak, azpiegitura horrek bailaran izango duen eragina saihesteko helburuarekin.
Orain, Solatxo deituriko inguruan egin nahi den betelana “bertan behera uzteko” eskatuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari. Elorrioko mugatik gertu dagoen eremuan jarri nahi den 400.000 metro kubikoko lurren eta harrien isurtegiaren proiektuarentzat “ez da zundaketa bakar bat ere egin”, David Cobos alkatearen esanetan.
Betelanak ez du kokapen egokia konfigurazio aldetik, proiektua gauzatzeko “ezin delako edozein toki kaltetu eta inguru horretan haritzak daude”, Cobosn arabera. Egitasmoak, gainera, “hiru akats nabarmen ditu”.
Egin nahi den betelanaren egitasmoaren inguruko lehen akatsa beharrezko txosnei dagokio. Cobosen arabera, “URA-Uraren Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko biodibetsitateari buruzko txostenak beharrezkoak dira” eta dokumentu horiek ez dituztela aurkeztu adierazi zuen.
AHTren egitasmoak Solatxo inguruan egingo duen bigarren akatsa Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenari dagokio. “Txosten hori orain dela 16 urte egin zen eta bere balioa bost urterako mugatuta zegoen. 20 orriko txosten hori AHT osoari eta hasierako proiektuari lotuta zegoen”, nahiz eta gaur egun garatzen ari den proiektuak aldaketa nabarmenak dituen Cobosen arabera.
Atxondoko Udalak salatutako hirugarren irregulartasuna formazko akatsa da. ADIFek sei hilabeteko epea zuen betelana egiteko behar den dokumentazioa aurkezteko, baina “ez zuten ezer aurkeztu”, alkatearen arabera. Epeak gaindutu ondoren beste hiru hiru luzapen eskatu dituzte eta gainera “udaletxean ez dute inolako baimenik eskatu”.
Solatxoko proiektua geldiarazteko erabakia udaletxean egindako Batzorde Orokorrean hartu zuten EH Bilduren botoekin, EAJko zinegotziek proposamenaren kontrako hautua egin zutelako, eta ondorioz, AHTren egitasmoaren alde.