
Sorginola gaztetxeak eta Atara Zaratak mikroantzerki maratoia antolatu dute gaurko Sorginolan bertan. Arratsaldeko 20:00etan hasiko dira antzezlanekin eta 21:30etan bukatuko dira. Obra bakoitza birritan antzeztuko dute.
Durangoko Atara Zarata antzerki taldeak ‘Erreginak’ antzezlana estreinatuko du. Markel Ganboak sortutako obra honetan Usue Martinez eta Ane Moreno izango dira antzezleak, Aitor Echarteren zuzendaritzapean.
Beste antzezlanetako bat Santurtziko Saregabe antzerki taldearen ‘Oaxaca en dos’ izango da. Iñigo Cobok zuzenduko duen antzezlan hau gazteleraz izango da eta 18 minutuko iraupena izango du. Carmen Reoyok eta Xabier Barrutiak egingo dituzte aktore lanak.
Abadiñoko Burut’erdi konpainia ere oholtzan izango da ‘Jornadas Marianas’ obrarekin. Ane Jareñok zuzenduta, Aroa Blanco eta Nieves Méndez aterako dira eszenatokira. Aizpa bi protagonista izango dituen antzezlan hau ere gazteleraz izango da.
Azkenik, Durangoko Paganini konpainiak ‘Lolipop’ obra eskainiko du. Gorka Gansok eta Cecilia Paganinik sortutako antzezlan mutu honek, Paganini bera izango du aktore.
Sorginola gaztetxeko takila eta barra zabalik egongo dira 19:00etatik aurrera, sarrerak 3, 5, 7 eta 8 eurotan egongo dira salgai, ikusi nahi diren antzezlan kopuruaren arabera. Pase bakoitzeko pertsona kopurua mugatua izango da eta amaieran pintxoak egongo dira.