
Durangoko Sorginola gaztetxeak Garajetik musika jaialdia hartuko du bihar eta etzi eta agertokian Durangaldeko eta Zornotzako sei talderen ekitaldiak izango dira. Jaialdiaren helburu nagusia Tabira kaleko gaztetxean “entseguak egiteko lokal bat atontzeko eta hornitzeko behar den dirua ateratzea da”, Tronpa proiektuko kidea den Martxel Zubiak adierazi duenez.
Bi egun iraungo dituen jaialdia bihar hasiko da, gaueko 22:00etan, Tronpa proiektuaren bideo aurkezpenarekin eta Durangoko Mocker’s, Moonshiners eta The Laionels taldeen agerraldiekin. Zapatuan, ordu berean hasita, Elorrioko bi talde, Ayatolah eta Han., Zornotzako bat, Utopia, eta Dj baten ekitaldiarekin osatuko da jaialdia.
Tronpa proiektuaren sortzaileen esanetan Durangoko musikari gazte asko “baliabiderik gabe aurkitzen dira” euren musika instrumentuak hartu eta, “taldean edo bakarka, oholtzara salto egiteko”. Ondorioz, zailtasun ugari dituzte beraien lana herrira zabaltzeko.
Ekimen honekin Durangoko Udalaren jarrera ere salatu nahi izan dute. Izan ere, “eskaintzen diren baliabideak ez dira errealak” eta gaur egungo egoera Zubiaren lagun batzuk frogatu dute: “Orain dela urte bete joan ziren udaletxera lokal eske eta ez dute inolako erantzunik jaso”.
Hori dela eta, baliabide faltaren arazoari aurre egingo dion lokala eraikitzeaz gain, beste helburu bat lehenetsi dute Tronpa proiektuko kideek, “Durango eta Durangaldeko talde gazteei ikusgarritasuna ematea” hain zuzen.