
Euskaraz egindako literatura, musika, ikus-entzunezkoak, antzerkia zein teknologia berrien azken sorkuntzak erakutsiko dituen erakusleihoa bilakatuko da Durango osoa gaur hasi eta domekara bitartean. ‘Sormenaren lurraldea’ goiburuarekin ospatuko den Durangoko Azoka, euskal kulturaren erdigunean kokatuko da berriz ere.
52. edizioak Landako Guneko erakustazoka izango badu ardatz, Durango osora hedatuko da Gerediaga Elkarteak antolatutako ekimena. Izan ere, zortzi gune desberdin bilduko dituen Azoka “700 metroko tartean eta bost minutuko distantzian” gauzatuko da, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak aurkezpenean gogoratu zuenez.
Landako Gunera gerturatuko diren 145 argitaletxe, diskoetxe, ekoizle, sortzaile zein autoekoizleek, 240 stand beteko dituzte azken urtean argitaratutako 400 nobedadeak euskaltzaleei gerturatzeko asmoarekin. Beraz, durangarrek zein Durangora gerturatuko diren euskaltzaleek, aukera ezin hobea izango dute labetik atera berri diren sorkuntzekin gozatzeko. Azokaren zerizana, hala ere, egitarauaren sarreran adierazten du Mujikak argi eta garbi: “Lurralde honen oinarria kultura da eta euskara da bere ardatza”.
Yolanda Arrieta eta L’Atelier
Landako Guneko Areto Nagusiak hartuko du gaur eguerdian edizio honetako sarrera ekitaldia. ‘Hasieraren hazia’ izenburupean burutuko den agerraldian, Yolanda Arrieta idazleak L’Atelier dantza eskolak elkarlanean sortutako proposamena eskainiko dute. Arratsaldean, besteak beste, Anjel Lertxundi eta Martxelo Otamendiren arteko solasaldia egongo da areto berean.
Azokak bilduko dituen beste zazpi guneetatik aipagarriena, agian, 10. urteurrena betetzen duen Ahotsenea izango da. Guztira 123 sormen-lan aurkeztuko dira espazio horrek izango dituen bi guneetan; zuzeneko karpan 70 musika agerraldi egongo dira eta solasaldien guneak 53 aurkezpen ekitaldi hartuko ditu.
Gainontzeko sei guneetan (Kabi@, Saguganbara, Plateruena, Irudienea, Szenatokia eta Azoka TB) ia etengabeko proposamenak eskainiko dira goizeko 10:30etatik iluntzeko 20:00ak bitartean.
Kultura eskuragarriago
Durangoko Azokak eta BBK Fundazioak kultura bisitari guztientzat eskuragarriagoa eta irisgarriagoa izateko urratsak emango dituzte ‘Kultura, denon eskura’ proiektuarekin. Ekimen horren bidez gaitasun ezberdinak dituzten pertsonek gidatutako bisitak egiteko aukera izango dute. Azoka, gainera, “dituen hutsuneei buruzko diagnostikoa egiten hasiko da eta gaur egun arlo honetan Euskal Herrian dauden kultur esperientziak ezagutzera emango dira”, antolatzaileek adierazi dutenez.
Ekimen berritzaile horren baitan, ‘Ezberdintasunean hezi’ filma emango da gaur arratsaldean Irudienean. Bihar arratsaldean izango den hitzaldian, eremu honetan lan egiten duten kultur esperientzien berri emango dute Manos K Rien kultur talde artistikoak, ‘Bizikidantza’ dantza tailerrak eskaintzen dituen Kukai Dantza Taldeak, Bilboko FormArte sormen artistikorako formakuntza zentroak eta Irakurketa Erraza mugimenduak. Zapatuan, berriz, Telmo Iruretaren ‘Minus ukittua’ mikroantzerkia ikusteko aukera egongo da.