
Udako solstizioarekin batera datozen San Juan jaiak ospatuko dira han-hemenka, Atxondoko Axpe elizatean zein Durango Aramotz auzoan, besteak beste. Sua izango bada ospakizunen ardatza, musika, eta bestelako ekitaldiak tartekatuko dira egitarauetan.
Goizeko 11:30ean izango den mezarekin eta horren ostean egongo diren igel txapelketa eta herriko jubilatuen luntxarekin hasiko dituzte gaur bertan Axpeko jaiak. Arratsaldean briska txapelketa eta esku pilota partiduak jokatuko dira eta iluntzean saihets pintxoak izango dira salgai.
Gaueko 22:00etan altxatuko duten txoparekin, Puro Relajo taldearen erromeriarekin eta ondoren eskainiko diren berakatz zopa eta txokolatearekin eta DJ Bullek eskainiko saioaren osatuko dira lehen eguneko ospakizunak.
Kronoigoera
Mendi ibilaldiarekin hasiko dira San Juan eguneko ekitaldiak. Arratsaldean mus txapelketari ekingo diote eta 18:00etan plazatik Mendi-goikoara bizikletaz egingo den kronoigoera hasiko da. ‘Kirol proba’ hori iaz egin zen lehenengoz, eta orduan egin zen bezala, lasterketarako erabiliko den bizikleta bakarrak berezitasunen bat izango du.
Iluntzean pil-pil eran egindako bakailao zein tortilla txapelketak hasiko dira. Sari banaketaren ondoren herri afaria egongo da eta jai batzordeak ogia, postrea eta kafea jarriko ditu.
Ilunkeran San Juan sua piztuko da eta eguna borobiltzeko ‘Axpeko albistegia’ saio umoretsua eta Luhartz taldearen erromeria egongo dira.
Atx-azpi elkarteak prestatutako umeen eguna ospatuko dute domekan. Goizean zehar baserriko tresnen erakusketa egongo da eta 11:30etan meza nagusia eta amaieran Andasto dantza taldearen saioa egongo da. 13:00etan mus txapelketaren finalak eta gazteen pilota partiduak jokatuko dira.
Arratsaldean puzgarriak eta umeen jolasak eta ondoren egingo den txokolatadarekin emango diote amaiera jaiei.
Aramotz auzoa
Herria auzo elkarteak Durangoko Udalaren laguntzarekin antolatutako San Juan jaia egingo dute bihar arratsaldean Aramoz auzunean. 18:00etan puzgarriak egongo dira eta ordu berean Gorabideren Errota eguneko zentroko desgaitu intelektualek egindako panpina jarriko dute egur metan.
Jarraian, Eusko label produktuekin egindako parrilada eta txikipoteoa egongo dira. 22:15eran su artifizialak piztuko dituzte eta ondoren San Juan sua isiotuko da. Ospakizunak The Pushermen taldeak eskainiko duen kontzertuarekin eta ondoren egongo den Djaren ekitaldiarekin osatuko dira.
Ekitaldiak parkingean egingo dira eta bertan jarriko den tabernan zein parriladarekin ateratako dirua, Rio de Oro Durangok udan ume saharar desgaituentzat egingo duen egonaldirako bideratuko da.
Sagurtasun sailaren oharra
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun zailak, bestalde, San Juan suekin kontuz ibiltzeko deia egin die herritarrei, beharrezko autobabes neurriak hartu, eta suaren ondoriozko balizko istripuak saihesteko.
Sua zuhaiztietatik, baratzeetatik eta etxebizitzetatik aldenduta piztea gomendatzeaz gain, zura bakarrik erabiltzea eskatzen da, espraiak, plastikoak, pneumatikoak eta abar baztertuta, eta gasolina inoiz ez erabiltzea errekuntza azkartzeko.
Azkenik, erredurak saihesteko, sugarren gainetik jauzi ez egitea aholkatzen die herritarrei.