Kriskitin dantza taldeak Surrandien konpartsak Aratusteetako zapatu erregularrean, erabiltzen dituen maskarak egiteko tailerrak antolatu ditu.
Aurpegia estaltzen duten maskara koloretsu eta dibertigarriak egiteko tailerrak otsailaren 4an eta 11n eskainiko dira Kriskitinek merkatu plazaren atzealdean dituen lokaletan, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Surrandien konpartsa kalez-kale ibiliko da otsailaren 18an.
Durangoko Aratusteen lehenengo aipamen ezagunak XVII. mendekoak dira, ‘Carnestrolendas’ izenarekin jasota baitago Udaleko akta eta kontu liburuetan. Surrandien konpartsaren jatorria eta nondik norakoa berriz, ezin daiteke zehaztu.
Berreskuratzeko lehenengo ahaleginak XX. mendeko 70.eko hamarkadan egin ziren eta ekimen horretan Kurutziaga Ikastola izan zen aitzindaria, Jose Javier Abasolo ‘Tiliño’ren laguntzarekin.
2.000 urtean Kriskitin dantza taldeak Surrandien konpartsa eta Hartza pertsonaia kaleratu zituen, Durangaldeko txistularien partaidetzarekin. Hurrengo urteetan, Ander Erzilla, Jesus Egiguren eta Ana Belaustegi musikariek hainbat pieza asmatu zituzten eta doinuak 2013an grabatu ziren, zenbait musikari eta abeslariren partaidetzarekin, Jaizale txistulari taldearen ekimenez.