
Zornotzako Luis Urrengoetxea kaleak auzoko jaiak ospatuko ditu gaurtik aurrera. Lutaber tabernarien elkarteak lau egunerako ospakizunak prestatu ditu eta egitarauan adin guztientzako ekintzak tartekatu dituzte.
Ospakizunak arratsaldeko zazpietan jaurtiko den txupinazoarekin hasiko dira eta ondoren pintxo-potea egongo da.
Ostiral arratsaldean musika ekitaldiak nagusituko dira. Zazpietatik aurrera txistularien ekitaldia egongo da eta hamarretan ‘Tokan2 La Polla’ taldeak La Pollaren doinuetan oinarritutako kontzertua eskainiko du.
Zapatuan, goizetik abiatuko da egitaraua sukalki txapelketarekin. Koadrilentzat antolatutako lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa da ostiral aurretik izena ematea. Seietatik aurrera Kitto euskal txarangak erritmoa jarriko dio arratsaldeari. Gauerako, kontzertu bikoitza antolatu dute Zelaieta parkean eta agertokian Su Ta Gar eta RIP taldearen errepertorioa lantzen duen Zona Especial Norte izango dira.
Domekan izango den jaien azken egunean, umeentzat prestatutako Antxon magoaren ikuskizuna egongo da Harrison parkean eguerdiko hamabietan eta jaiak bukatzeko, 15.00etan, Lutaber errifaren zozketa egingo da.