
Urtero legez eta ohiturari hutsik egin barik, urriaren lehen igandean Errebonbilo eguna ospatuko dute Elorrion. Tiroka eta dantzaka arituko dira elorriar gazteak goizaldetik herriko kaleetan zehar. Durangaldeko txistulariek kontzertua eskainiko dute eguerdian.
Errebonbilo jaiaren sorburuan Lepantoko batailatik bueltan zetozen elorriarren poz adierazpena ikusi izan du batek baino gehiagok, baina, antza denez, lotura handiagoa du aspaldi herri askotan zegoen defentsarako talde antolatuekin. Izan ere, antzeko alardeak egiten ziren ere Euskal Herriko herri gehiagotan ere.
Errebonbiloak elorriar gazteak dira eta goizeko bostetan hasiko dira kalejiran herrian zehar zenbait leku zehatzetan tiro eginez. Bertan hamabitik hamabost gazte bitartean, txistu eta tanborilarekin jotako martxa batekin desfilatzen dute, beti bide berdina eginez eta salbetarako leku jakinetan, denak batera tiro eginez.
Eguerdiko ordubatean kontzertua eskainiko dute Durangaldeko txistulariek. Bertan ???Errenbobillo???, ???Amaia??? operaren ezpata dantza, ???Erromerian???, ???Euskal musikaren gorespena???, ???Hiru itsas doinu???, ???En el monte Gorbea??? eta ???Txantxibiri??? soinuak entzungai izango dira. Eleder Iturrieta zuzendaritzapean, Eneritz Elgezua, Irene Lasa, Fernando Alsasua eta Ismene Uriarte abeslariak arituko dira, Carlos Sánchez (tronpeta), Josu Otsotorena (tronboia) eta Koldo Izagirreren bonbardinoaz lagunduta.
Goizeko saioa amaiturik, arratsaldeko bostetan beste itzuli bat egiten dute gazteek. Orduan, eguraldiak lagunduz gero, prozesioa egiten da Errosarioko Andra Mariren irudiarekin batera eta, eguzki nahiz euri, errobonbiloek dantza egingo dute herriko plazan.
Jaiari agurra emateko, arkume errea dastatzeko aukera izango da plazako frontoian arratsaldeko 18.30ean