
LAB sindikatuak hainbat ekimen prestatu ditu Mañarian, herrian bizi eta Etxebarriko Talleres Mecánicos Arakistaineko (TMA) enpresa burua zen Rafael Zabalaren “jazarpen sindikala” salatzeko. Enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen eta horietako bi azaroaren 29an epaituko dituzte Bilbon.
LABek deitutako mobilizazioak Zabala Mañarikoa delako eta “eskualde honetan ere bat egin dugu TMAko langile ohien borroka eta aldarrikapenekin” adierazi dute.
Mañarian egingo dituzten bi mobilizazioak gaur izango dira. Bata arratsaldeko 19.00etan izango da, ordu horretan bilduko den udalbatzak TMAko langile ohiek erregistratutako mozioa eztabaidatzea eskatuko dute. Bestea, eguerdiko 12.30etatik 13.00etara herriko plazan “Zuen borrokaz harro gaude, Gora TMAko langileak” lelopean egingo den kontzentrazioa izango da.
Horrez gain, LABek deia luzatu die Durangaldeako langile guztiei, azaroaren 27an, 13.00ean, Markinan egingo den manifestaziora gertura daitezen.
Etxebarriko Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) 2013ko urte bukaeran itxi zen, zortzi hilabeteko greba baten ostean. Itxiera horrek “langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorrarekin”, LABen arabera. Gainera “enpleguaren defentsan eta beraien soldatak jasotzeko egindako greba eta borrokaldiaren ondoren, enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen”.
Langileetako bi auziperatuta daude gaur egun eta azaroaren 29an epaituko dituzte Bilbon. Enpresariak bost urte eta sei hileko kartzela zigorra langile bakoitzarentzat eta 9.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du. Fiskalak berriz bi urte eta hiru hileko kartzela.
LAB sindikatutik adierazi dutenez “lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren enpresariak kartzelara bidali nahi ditu bi langileak. Eta hori gutxi balitz, fiskalak ere enpresariaren interesen aldeko jarrera hartzen du eta ez kale gorrian geratutako langileen alde. Are gehiago, kontutan izanik, enpresa hori hainbat ikerketetan susmagarria izan denean, hala nola: ‘Hiriko’ auzian tartean egondako enpresatako bat izan da”.