
Garaiko Toponimia berritzeko asmoarekin egindako ikerketaren aurkezpena, ‘Amor oscuro’ antzezlanaren emanaldia, ‘Isiltzen joan zirenak’ kontzertua eta argazki erakusketa egongo dira Garain, bertako Udalak hilabete honetarako antolatutako kultura jarduerak.
Prestatutako egitaraua bihar abiatuko da, arratsaldeko 18:30ean udaletxean, Garaiko Toponimia berritzeko asmorekin egin den ikerketaren aurkezpenarekin. Ekitaldian, Erramun Osa alkatea, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzainak eta Euskaltzaindiako Onomastika batzordeburua eta ikerketa gauzatu duen Jon Ander Ramos ikertzaile mintzatuko dira.
Toponimia eguneratzeko lanak iazko irailean hasi ziren. Dokumentazioa bildu ondoren, lekukotzat jaso zituzten eta horiei esker “Garaiko toponimia-lana aberastu eta eguneratu da”, Udaletik jakitera eman dutenez.
Aurkezpen ekitaldian, bildutako toki-izenak jasotzen dituzten zenbait horma-irudi baliatuko dira eta, geroago, udaletxean egongo dira ikusgai, orain arte zer egin den erakutsi, egindakoa aztertu eta, ahal den neurrian, iradokizunak egin eta lana osatzen laguntzeko. Izan ere, aurreratutako lanak aurkezteaz gain, hutsuneak antzeman eta testigantza berriak jaso nahi dituzte.
Aurkeztuko den toponimia-lana, 2008an egindako ikerketan oinarritzen da. Orduan egin zen mapa “aurreko mapetan oinarritzen zen eta orain egin dudan lana artxiboetan egindako bilaketaren ondorioa da”, Ramosek dioenez.
Ikertzaileak azken urtean egin duen bilaketatik landu duen “zirriborroaren aurkezpena egingo dugu, artxiboetan topatu dudan informazio, leku-izen edo toponimoak mapa horretan kokatzeko”. Hala ere, “aurkitutako izenak edo toponimo batzuk kokatzeke ditugu, baserri batzuei lotutako baso, landa edo bestelakoen kokapena galdu egin delako”, Ramosek aitortzen duenez. Horregatik, hutsuneak antzemateko eta betetzeko aukera eskainiko du biharko ekitaldiak.
Antzerkia eta musika
Elizabarrin urriaren 16an eta 24an egingo diren agerraldietan antzerkia eta musika nabarmenduko dira, hurrenez hurren.
Lehenengo saioan, Federico García Lorcaren sonetoetan oinarritutako ‘Amor oscuro’ antzezlana taularatuko da. Poetaren lan hori berrogeita hamar urtez gordeta egon zen, eta obra horretan, besteak beste, sexu bereko lagunen arteko maitasuna, ezintasunak, gabeziak eta abar aipatzen dira. Ekitaldia 19:00etan hasiko da
24ko ‘Isiltzen joan zirenak’ kontzertu dramatizatuan berriz, Lourdes Iriondoren kantuak izango dute protagonismoa. 18:00etan hasiko den ekitaldiak, iragana gogoratu, emakumeek euskarari eta kulturgintzari eginiko ekarpena azpimarratu eta lagatako ondarea balioan jarri nahi ditu.
Argazki-erakusketa
Iriondo, ‘Ez dok hamairu’ taldeko kideetako bat izan zen eta 60ko hamarkadan euskarak eta euskal kulturak izan zuten berpizkundean eragin nabarmena izan zuten Iriondok zein kulturgileek, idazleek eta musikariek.
‘Isiltzen joan zirenak’ emanaldian ‘Errota zahar maitea’ eta Lourdes Iriondoren beste zenbait kantu ezagun entzuteko aukera egongo da.
Urriaren 30ean berriz, argazki-erakusketa egongo da Elizabarrin, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan. 18:00etan hasita, aurreko asteburuan bildutako argazkiak erakutsiko dira.