Traña-Matienako Txinurrisolo kalean hainbat hobekuntza egitea eskatu dio EH Bilduk Abadiñoko Udalari, oposizioko koalizioak lantzen duen ‘Abadiño Mugi’ ekimenaren baitan.
Txunurrisolo kaleko auzokideek konpondu behar diren hainbat alderdiren berri eman dizkiete koalizioko kideei, kontuan hartuta “bi urte igaro direla” kalea itxi zenetik “zamalanetarako eta egoiliarrentzako izan ezik”.
Eginbeharreko hiru egitasmo zehaztu dituzte bertan bizi diren herritarrek. Lehenik eta behin, “kalea urbanizatzea, errepidea eta espaloiak kota berean jarriz”. “Irisgarritasuna eta oinezko izaera handiagoa emateaz gain”, jarduera horren ondorioetako bat portal batzuetan igogailuak jartzea ahalbidetuko luke, inguruan “adineko jende ugari” bizi delako.
Trafikoa eta aparkalekuak
Auzokideek eta EH Bilduko zinegotziek “trafikoaren sarrera eta aparkalekuen kontrola” beharrezkoa dela uste dute. Izan ere, “gaur egun kontroletik kanpo dago egoera eta ibilgailu ugari sartzen dira edota bertan aparkatzen dute”. Horregatik “Udaltzaingoen kontrola areagotzeaz gain, teleaginte-sistemak edo matrikula-irakurgailuak” jartzea proposatzen dute.
Hobetu beharreko hirugarren eskaria zonaldean aparkatzeko arazoari dagokio. Gainera, aparkaleku handian dagoen argitasun falta ere kritikatu dute.
Koalizioko kideek, Txinurrisoloko ingurunerako proiektu baten idazketa aurrekontuetan sartzeko proposamena egin diote Gobernu Taldeari, “eskari horiei lehenbailehen erantzun bat eman ahal izateko helburuarekin”.