
Mañarian kokatuta dagoen Hontza Museoak, ikasturte osoan ikusgai egongo den Trilobiteei buruzko erakusketa prestatu du Oiartzungo Luberri Ikasgune Geologikoarekin elkarlanean.
Abendutik ikusgai dagoen Trilobiteen bilduman “gure planetan bizi izan diren artropodo bitxi eta harrigarrienetakoak” daude ikusgai, Durangaldeko Natur Zientzien Museoko arduradunen esanetan.
Itsas bizidunei dagokienez, nagusi izan ziren Lurreko ozeanoetan 290 milioi urtetan, gutxi gorabehera, Paleozoiko osoan (Kanbriarretik Permiarrera), askotariko eiteak eta bizitzeko erak garatuta.
Trilobiteen inguruan gehiago jakiteko, Hontza Museoko arduradunek Luberri Oiartzungo Ikasgune Geologikoarekin elkarlanean jardun dira. Hontzaren bildumetan oinarritutako materialekin, “itsas bizidun horiei buruzko erakusketa jakingarria” osatzeko aukera eman die.
Bestalde, urtarrilean zehar Paleozoikoari buruzko erakusketa bat jarriko da Hontza Museoan. Bertan, Paleozoikoan bizi izan ziren beste organismo batzuen fosilak ikusi ahal izango dira.