Txalaparta, irrintziak, dantza eta bestelako musika saioak nabarmenduko dira gaurtik domekara bitartean Etxanon egingo den Euskal Herriko Doinuak ekimenean. Etxanoko Andra Mari Elkarteak antolatutako jaialdiak, Amorebieta-Etxanoko Udalaren eta Ametx erakunde autonomoaren laguntza du.
Euskal Herriko Doinuak ekimenaren protagonista nagusia txalaparta izango bada ere, gaur arratsaldean hasiko den egitaraua hastapeneko irrintzi ikastaroarekin abiatuko da. Bihar, 18:00etan, Etxanoko eskolan jarri eta asteburu osoan ikusgai egongo den erakusketa zabalduko dute eta 20:00etan ‘Txalaparta hutsa’ kontzertu didaktikoa eskainiko du Hutzun taldeak.
Egun osoko egitaraua prestatu dute zapaturako eta goizeko 11:30ean ‘Tarrañuelak eta kañaberak’ ikastaroa emango du Iker Diezek. Eguerdian, txalaparta ezberdinen, adarren eta perkusio tresnen erakusketa eta salmenta eskainiko dute Jotzen Perkusioak eta Juan Antonio Alaña artisauak.
Bazkari herrikoiaren ostean Eneko eta Markelek eskainitako kantaldia eta Kittuk girotutako dantzaldia egongo dira. 17:00etan umeei zuzendutako ‘Txalaparta eta adarra’ ikastaroa hasiko da eta eguneko ekitaldiak borobiltzeko Hots-Larretan kontzertua eskainiko du Juan Mari Beltran musikologoak Ixiar Jauregi eta Errege Belda taldekide dituela.
Euskal Herriko Doinuk domekan amaituko da nagusientzat antolatutako ‘Txalaparta eta adarra’ tailerrarekin.