Elorrioko Udalak eta Asanblada Feministak txalotu egin dute joan zen astean gertatutako eraso matxistaren ondoren, herritar batek erasoa identifikatzea eta “esku hartzeak”, 48 urteko gizona “auzitegietara eramatea” ahalbidetu zuelako.
Erasotzaileak bi adin txikikoei argazkiak eta grabazioa egiteaz gain, bietako bati hanketan ukituak egin zizkion. Gizonezkoa Ertzaintzak atxilotu zuen eta Durangoko Epaitegitik pasatu ondoren, epaileak kartzelaratzeko aginduan eman zuen.
Hori dela eta, Elorrioko Udalaren Bozeramaileen Bilerak, “gaitzespen irmoa” adierazi du eraso matxista horren kontra. Gainera, Udaleko arduradunak “harremanetan jarri dira adingabe horien familiekin, korporazioaren babes osoa helarazteko eta behar izan dezaketen laguntza eskaintzeko”.
“Emakume izateagatik jasaten dugun edozein indarkeria mota Giza Eskubideen urraketa larri eta onartezina da”, Udalaren ordezkarien arabera.
Asanblada Feministarentzat berriz, erasoa “neska/emakumeon* gorputzekiko zapalkuntza, kontrola eta sexualizazioa agerian uzten ditu”.
Gizon kartzelaratuaren jarrera salatu zuen herritarraren eredua jarraitzera animatu du Asanblada Feministak, “denok baikara sistema hau iraultzeko beharrezko subjektuak. Jarraitu dezagun, autodefentsa feministaren eskutik, erasotzaileak identifikatu eta erasoak salatzen; eta bitartean, erasoa jasaten dutenak, boteretu, babestu, eta diskrezio osoz zaintzen”.