‘Durango Hiria’ txistu kontzertuaren edizio berriarekin gozatzeko aukera egongo da bihar, 19:30ean hasita, San Agustin Kultur Gunean. Euskal Jaiak ekimenaren baitan antolatutako ekitaldiko protagonistak Silboberri Txistu Elkarteko musikariak eta Portugaletik etorritako Galandum Galundaina laukotea izango dira.
Kontzertuko egitaraua guztiz ezberdinak diren bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, Aritz Labrador, Aitor Amilibia, Maite Sagastibeltza, Oskar Ovejero eta Iker Sagalák txistu piezak eskainiko dituzte, eta bigarrenean Galandum Galundaina azalduko da agertokian.
Silboberriko txistularien saioa, otsailean zendu zen Tomás Aragüés konpositoreak sorturako ‘Fantasía’ piezarekin hasiko da. Jarraian, bi obra estreinatuko dituzte; Rodrigo Alfredo de Santiagok asmatutako ‘Sonatina evolucionada’ sorkuntzako ‘Grave’ eta ‘Ezpatadantza’ piezak, eta Hilario Extremianaren ‘Doce bagatelas’.
Kontzertuaren bigarren zatiko protagonista izango den Galandum Galundaina laukotea, “ondare musikal eta etnografiko bakarra duen eskualde bateko genealogiaren parte da”. Ondare hori ahaztuta egon zen denbora luzean, baina azken 25 urteetan, taldeak Terras de Mirandako Transmontanoren nortasun kulturala aztertzeaz, zaintzeaz eta zabaltzeaz arduratu da.
Sarrera doan izango da, leku-kopurua bete arte.