
Durangoko Euskal Jaien egitarauan ohiko hitzordua den Txistu kontzertua antolatu du gaurko, iluntzeko 20:00etan San Agustin kultur gunean, Silboberri Txistu Elkarteak. Edizio honetan ere nobedadeak izango dira egitarauan eta txistuarentzat sortutako pieza baten estreinaldiaz gain, Valentziatik etorritako Tradició a l’Escena musika taldearen ekitaldiarekin osatuko du ikuskizuna.
Agerraldia guztiz desberdinak izango diren bi zatitan banatuko da. Kontzertua, Silboberri Txistu Elkarteko kideak diren Aitor Amilibia, Iñaki Martin, Fernando Aurrekoetxea eta Maite Sagastibeltza txistulariek eta Aritza Castro perkusio jolearen ekitaldiarekin hasiko da. Boskoteak Rodrigo A. de Santiago konpositoreak sortutako ‘Sonata Nº 5 ‘Barakaldo’ (Las Encartaciones)’ obra estreinatuko du eta lan horrek biltzen dituen allegretto, andante expresivo, minuetto grazioso eta allegro-vivace mugimenduak eskainiko dituzte.
Silboberriren ekitaldia beste bi piezekin osatuko da. Alde batetik, Aitor Amilibiak txisturako egindako Mozarten ‘Divertimento I’ obraren transkripzioa eskainiko dute, eta bestalde, Hilario Olazaranek konposatutako ‘Txoriak’ lana joko dute.
Tradició a l’Escena
Kontzertuko bigarren protagonistak Paco de Domingo eta Ferran Cantó dultzaina joleak, jatorri tradizionaleko kantuak eskaintzen dituen Xavi Benedito, Conxi Valera sopranoa, Javier Berbis flauta jolea, Juanjo Llopico perkusio jolea eta kontrola eta elektronika difusioarekin arduratzen den Miguel Ángel Berbis izango dira. Valentziako bakarlari hauek Tradició a l’Escena taldean biltzen dira.
Musikari valentziarren egitasmoaren helburua, sorterriko musika tradizionalaren osagaiak gaur egungo musikarekin biltzea da. Instrumentu tradizionalen, klasikoen eta musika elektronikoaren uztarketa eta solasaldia eraginez, soinu-lana edota hausnarketa eragin nahi dituzte.
Silboberriko kideek hainbat kontzertu eman berri dituzte Valentziako erkidegoan egindako musika garaikideren zenbait ziklotan, non txistua lehenengoz gonbidatu duten, eta han ezagutu zituzten Tradicio a l’Escenako musikariek.