Durangaldeko Jaizale txistulari taldeak Gabonetako kontzertua emango du San Frantzisko elizan bihar, eguardiko 13:00etan, Eleder Iturrietaren zuzendaritzarekin. Agerraldian parte hartuko duten musikariak ohiko Gabon kantekin osatutako errepertorioa eskainiko dute.
Ekitaldian bilduko diren Jaizaleko txistulariekin batera hainbat musikari eta abeslari izango dira, egitarauan tartekatutako piezak eskaintzeko. Kontzerturako gonbidatutako musikariak Xabier Iturriagaetxebarria perkusio jolea; Xabier Arana pianista; Nagore Pastor eta Miren Eeles biolin joleak; Onintza Azkarate biola jolea; Amaia Jaio txelo jolea eta Juanan Hernandez kontrabaxu jolea izango dira.
Abestuko duten kantariak berriz, Irene Lasa, Mireia Aranzabal eta Eneritz Elgezua sopranoak; Aintzane Arroitajauregi, Arrate Bañares eta Ismene Uriarte kontraltoak; Fernan Alsasua, Josetxu Irasuegi eta Jose A. Mugerza tenorrak eta Kalo Aranzabal, Luis Mª Uriarte eta Gonzalo de la Cruz baxuak izango dira.
‘Hator hator’
Ekitaldiko programa Fernando Aurrekoetxeak moldatutako piezekin osatuko da gehien bat eta hasteko ‘Birjina maite’ eta ‘Antonek dauko’ piezak joko dira. Ondoren, ‘Eguberri zuria’ pieza herrikoia, A. Santosen ‘Arin arin kristauak’, ‘Gabeko izar’ eta ‘Din, dan don’ herrikoiak eskainiko dituzte.
Agerraldia osatzeko Raimundo Sarriegi eta Jose Inazio Ansorenaren ‘Zortziko para Nochebuena’ eta Aurrekoetxeak moldatutako ‘Dringilin dron’, ‘Horra Mari Domingin’ eta ‘Gau erdina soinua’ eskainiko dituzte. Ekitaldia ‘Hator hator’ piezarekin amaituko da.