Durangoko San Roke eta Madalena auzoek Txitxiburduntzi eguna ospatuko dute domekan, bertako auzo elkarteek antolatuta. Ohiturari eutsiz, Karnabal astearen aurreko domekan jarri dute hitzordua.
Herria auzo elkarteak antolatutako ekimena arratsaldeko 18:00etan hasiko da, elkarteak kudeatzen duen taberna aurrean.
Ekimen horren bidez jasotzen den diru guztia Atxondo Harrera Herria boluntario sarera bideratuko da. Inguruetako herritarrek osatutako sare honek erantzun solidario eta humanitarioa ematen die Euskal Herrira heltzen diren migratzaileei, aterpeaz gain, laguntza juridikoa, formazioetara sarbidea edo hizkuntza ikasteko baliabideak eskaintzen baitizkie.
Domekako ekimenarekin lortutako diruaz gain, Herria auzo elkarteak Santa Ageda eguneko koplekin ateratako dirua ere helburu berberarentzat bideratuko du.
Madalena auzoko Auzo Alai elkarteak antolatutako Txitxiburduntzi eguna berriz, goizeko 9:00etan hasiko da, ordu horretan abiatuko baita Madalena plazatik Durangoko inguruetatik egingo den ibilbidea.
Eguerdiko 12:00etan berriz, txorizoa, ogia eta ardoa dastatu ahal izango dira euro baten truke, Magdalena plazan.