Inauteriak ate joka daude eta horrekin batera ez dira jaia eta mozorroak faltako Durangaldeko herrietan. Horren aurretik, baina, askok eusten diote tradizioari: Txitxiburduntzi edo Basokoipetsu Eguna. Inauteri domekaren aurreko domekan ohikoa da mendira joan, zotz luze batean txorizoa iltzatu, sutan erre eta otordu atsegin bat egitea.
Durango
Urtero legez, Herria auzo elkarteak antolatuta egingo dute txitxiburduntzia. Bihar, arratsaldeko 18:00etan elkarteak Durangon duen egoitzan batuko dira txorizoa burduntzian erretzeko. Berau erretzeko tresneria, ogia, ardoa eta musika egongo dira. Bildutako dirua sentsibilitate zentralaren eta neke-kronikoaren sindromeen elkarteei emango zaie.
Alpino Tabira mendi klubak goizeko 8:30etan Andra Mariko aterpean jarri du hitzordua Santa Agedara joan eta bertan txitxiburduntzia egiteko. Alpinok sua, edaria eta langileak jarriko ditu, ogia eta txorizoa norberaren kontu.
San Jose Jesuitak ikastetxeak, ohitura bezala, mendira joateko irteera antolatu du biharko. Goizeko 9:00etan elkartuko dira Kurutziagako iturrian eta handik Landaederrako aterpetxerako bidea hartuko dute. 11:30ak bueltan heltzeko asmoa dute eta bertan egingo dute txitxiburduntzia. Ogia eta txorizoa norberak eraman beharko ditu.
Landako eskolak ere antolatu du txitxiburduntzia. Bihar, goizeko 11:00etan hasiko da eta txorizoaz gain, halal saltxitxak ere egongo dira.
Elorrio
Elorrion sortu berri den Lau Eskola guraso elkarteak eta Elorrio Osasuntsuk antolatuta ospatuko dute txitxiburduntzi eguna. Lehenengo, goizeko 10:00etan plazatik irtenda, herriko natur bideetatik ibilaldi txiki bat egingo dute eta ondoren, txorizoak erre eta hamaiketakoa egingo dute.
Iurreta
Iurretarrek Aita San Migel Plazan ospatuko dute Basokoipetsu Eguna, 17:30etatik aurrera. Sua eta zotzak egongo dira.
Zaldibar
Zaldua mendi taldeak eta Zaldibarko udalak antolatuta ospatuko da Txitxiburduntzi Eguna. Goizeko 9:30etan mendi irteera bat egingo da eta 11:00etan Goierri auzoan egingo dute txitxiburduntzia. Antolatzaileek banatuko dute jatekoa eta edatekoa.