
Berrizko Andikoa auzoak Asentzio jaiak ospatuko ditu gaurtik aurrera, eta prestatutako egitarauan musika eta bertsolari saioak eta dantza ekitaldia tartekatuko dira, besteak beste.
Ospakizunak gaur arratsaldean hasiko dira Amaia Garciak 17:00etatik aurrera emango duen irrintzi ikastaroarekin. Eguneko agerraldi nagusia berriz, Txomin Artolak santutegian, 20:00etan hasita, eskainiko duen kantaldia izango da.
Donien atxa jasoko dute auzokideek bihar, arratsaldeko 18:00etan, eta bi ordu geroago Oihana Iguaran eta Igor Elortza bertsolarien ekitaldia egongo da, gai jartzaile lanetan Idoia Barcelo eta Miren Amuriza arituko direlarik.
Domekako ospakizunak eguerdian emango den meza nagusiarekin hasiko dira eta ondoren Iremiñe taldearen dantza ekitaldia egongo da. Arratsaldeko 17:00etan jolasak eta txokolatada izango da umeentzat eta jarraian Mirari eta Aintzanek girotutako erromeria egongo da. 20:00etan bolo joko txapelketa hasiko da, eta ostean, jaietako zozketa txartelen sariak banatuko dituzte.
Asentzio jaiak auzotarrek ekainaren 4an egingo duten afariarekin amaitu dira, bertsolariek eta trikitilariek girotuta.
Andikoara gaur eta bihar bertaratzen direnek, tabernan salgai egongo diren bokadiloak afaldu ahal izango dituzte.