
Dena prest Mañarin aurtengo jaiei hasiera emateko. Gaur arratsaldean botako dute txupinazoa eta datorren larunbatera arte hainbat ekitaldi izango dira nagusi. Hauen artean, Tributo Parabellum, En Tol Sarmiento eta Gatibu taldeek emango duten kontzertua.
Andra Mari Dantza Taldeak zabalduko du aurtengo jai egitaraua arratsaldeko 19.00etan, dantza alardearekin. Ordu bat beranduago, txupinazoa, kanpai hotsak eta Pitxitxiren igoerarekin inauguratuta geldituko dira jaiak. Ondoren, herri afaria antolatu dute herritarrek. Ezten Giro taldeak lehenengo erromeria alaituko du.
Biharko ekitaldiak eguerdiko 12.00etan hasiko dira umeentzako tailerrekin. Arratsaldean, berriz, gazteen jokuak antolatu dira. Gaueko kontzertuen kartel potentean Tributo Parabellum, Gatibu eta En Tol Sarmiento taldeak arituko dira.
‘Tenderete’ kale ikuskizuna
Ostiralean egun handia ospatuko dute Mañarin. Txistulatriak goizean goiz ibiliko dira eta Kirikiño Abesbatza eta dantzariek arituko dira meza ostean. Eguerdian umeentzako jokuak antolatu dituzte: puzgarriak, giza futbolina, zezen mekanikoa eta disko-txiki, besteak beste. 13.00etan frontoain izango da jaia herriko pilota finalekin. Arratsaldean, ordez, karabina jaurtiketa egingo dute Ateneo Cinegetico Mugarraren eskutik.
Arratsaldean zehar, Mus Txapelketa eta txistorrada egongo dira. Egunari amaiera emateko, Bapatean Arte Eszenikoen Elkartearen eskutik ‘Tenderete’ kale ikuskizuna eskainiko dute.