
Durangoko Berbaro elkarteak 3 eta 10 urte bitarteko umeentzako ‘Udaberrian olgetan’ egonaldia prestatu du datozen Aste Santuko opor egunetarako. Ekimen osoak zazpi egun iraungo ditu baina izen ematen dutenek egun solteetan parte hartzeko aukera ere izango dute.
Etxeko gazteenentzako bereziki antolatutako ekimen dibertigarri hau martxoaren 21etik 23ra eta martxoaren 29tik apirilaren 1era gauzatuko da. “Aste Santuko egunak kolorez eta pozez bete gura dituena eskuzabalik hartuko dugu gurean”, Berbaro elkarteko antolatzaileek adierazi dutenez.
Ekimen honetan parte hartu nahi duten umeek eguneko 15 euro ordaindu beharko dituzte eta Berbaroko bazkideentzat jarritako prezioa 12 eurotakoa izango da. Zazpi eguneko ekitaldietan parte hatzeko berriz 90 euro ordaindu beharko dira eta Berbaroko bazkideek berriz 70 euro ordainduko dituzte.
‘Udaberrian olgetan’ ekimenean parte hartzeko martxoaren 11a orduko eman behar da izena Berbarok Pinondo plaza 1ean duen bulegoan.