Durangoko Udal Bibliotekak irakurketaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du herriko ikastetxeetako ikasleen artean ‘Tunela: zu eta ni’ deituriko ekimenarekin. Formakuntza proiektu hau, Anthony Brownen ‘Tunela’ album ilustratuan oinarritutako erakusketak eta irakasleei zuzendutako formazio saio batek osatzen dute.
Brownen album ilustratua abiapuntu hartuta, argitalpen horretan sortzen diren irakurketaren inguruko hausnarketak bideratzeko tresnetan formatzea da, gero ikasitakoa ikasleekin aplikatzeko. Formazio saioen arduraduna Oihana Etxegibel izango da eta ikasleekin burutu dituen lanketetan Saroa Bikandik eratutako materiala erabiliko du.
Brownen argitalpenaren bidez ikasleen irakurketa kritikoa landu nahi da eta horretarako testua eta irudiak bateratzen dituen album ilustratua oinarria da. Izan ere, testua eta irudiak bata bestearen osagarriak dira, eta lan literarioari koherentzia eta lotura ematen diote.
Sarritan, irakurketa hizki eta esaldien deskodifikazio prozesu sinple baten modura ulertzen dugu; baina deskodifikazio hori irakurketa prozesuaren parte bat baino ez da. Irakurtzen dugunean, ikur, lengoaia eta testu oso ezberdinei aurre egin behar izaten diegu eta euren aniztasun eta testuinguruan ulertzeko gai izan behar dugu. Gaitasun horrek bihurtuko du gure irakurketa, irakurketa kritiko.
19 koadro
19 koadroz osatutako erakusketa Durangoko eta Ermuko Udal Bibliotekak sortu dute elkarlanean eta bilduma horretan ‘Tunela’ albumean argitaratutako ilustrazioak agertzen dira. Irudiek genero rolak, anai-arreben arteko desberdintasunak, beldurrak gainditzea, afektua edo konfiantza bezalako gaia azaltzen dituzte.
Irudi hauek sortzeagatik Brownek Andersen ilustrazio saria jaso zuen. Erakusketa ipuineko tunelaren erreprodukzio fisikoarekin osatzen da, eta istorioa esperimentatzeko eta beste ekintza osagarri batzuk lantzeko erabiliko da.
‘Tunela: zu eta ni’ ekimena Jesuitetan abiatu zen urrian eta orain Zabalarra, Kurutziaga ikastola, Landako eta San Antonio-Santa Rita ikastetxeetan izango da, hurrenez hurren, maiatzera arte.