
Zornotzako EH Bilduk martxoan egingo duen prozesu parte-hartzailean aukeratuko ditu Ander Uriarte alkategaiaren ondoan maiatzaren 26ko Udal hauteskundetara aurkeztuko dituen hautagaiak. Zerrendarako pertsonak proposatzeko epea gaur bertan ireki dute eta martxoaren 10ean itxiko da.
“Alkategaia aukeratzeko prozesuan bezala, EH Bilduren ideologiarekin bat egiten duen edozein herritarrek parte hartu ahal izango du aukeraketa prozesu horretan, koalizio soberanista osatzen duten alderdiren bateko kide izan ez arren”, alderditik adierazi dutenez.
Zerrendetan onartua izateko beharrezkoa da EH Bilduren barneko aplikazioan izena ematea elkarrekin.ehbildu.eus webgunean. Urrats hori osatuta, herritarrek beren hautagai egokienak edo ordezkari gisa nahi lituzketen pertsonen izenak proposatu ahal izango dituzte, eta horretarako bi bide izango dituzte: zornotza.ehbildu@gmail.com helbide elektronikoa edo 672 108 838 telefonoaren whatsappa.
Berme guztiak bete direla ziurtatuta, martxoaren 11tik 17ra bitartean hautagaitzak ofizial egingo dira. Martxoaren 22tik 24ko asteburuan, hautagaiak aukeratzeko bozketa egingo da.
Informazio guztia koalizioaren webgunean dago eskuragarri, http://ehbilduzornotza.eus-en zein sare sozialetan.