
Amorebieta-Etxanoko Udal talde guztiek aho batez onartu dute gaur Euskaraldiaren inguruan egindako Adierazpen Instituzionala. Testu horren bidez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko den ‘11 egun euskaraz’ ekimenaren baitan ‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ izateko konpromisoa hartzeko gonbitea herritarrei egin zaie.
Onartutako testu horrekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak “babesa eman nahi dio Euskaraldiari eta ariketa sozial hori sustatzeko” adierazpen instituzionala argitaratu du.
Udalak hartutako akordioan azaltzen denez, “azken hamarkadetan erakunde publikoek eta hainbat erakunde pribatuk ahalegin handia egin dute euskararen normalizazioan” eta horren ondorioa da “euskara modernizatu” egin dela eta beharrezko diren tresna guztiak garatu dituela “gizarte moderno batek dituen beharrizanei erantzuteko”.
Adierazpenean aipatzen denez “euskaraz ikasteko ereduak (D eta B ereduak) ondo hedatuta daude, eta gure herria da horren adibide garbia”. Ahalegin horren ondorioz, “euskararen ezagutza inoizkorik handiena dela esan genezake, eta Amorebieta-Etxanon, gaur egun, 34 urtetik beherakoen %83 euskaldunak dira. Administrazioan eta zerbitzu publikoetan ere euskararen erabilera gorantz doa, nahiz eta oraindik bide luzea daukagun egiteko”.
Egindako aurrerakada nabarmena bada ere, “erronka nagusia erabilera da, eta euskara kalera ateratzea” eta hori sustatu nahi duen Euskaraldia zabaldu da Euskal Herri guztian. Gainera, lehenengoz, “Euskal Herriaren eremuko erakunde publiko guztien” babesa du eta “euskalgintzako eragile guztiek” batu ditu.
“Horiek horrela, Amorebieta-Etxanoko udalak bat egin nahi du ekimen horrekin, eta ahalegina egingo du Euskaraldia sustatzeko. Halaber, Amorebieta-Etxanoko herritarrei, euskaraz ulertzeko gaitasuna baldin badute, dei egiten die Euskaraldian parte hartu dezaten, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra ‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ izateko konpromisoa hartu dezaten”.