
“Udalaren bi auto eta udaltzaingo baten auto propioa” erasotu zituzten ezezagun batzuk barikutik zapaturako gauean Elorrioko kiroldegi azpiko aparkalekuan, Udaleko arduradunek zabaldutako informazioaren arabera. Erasoaldian Udaltzaingoaren ibilgailu bat, Hirigintza arloko langileek erabiltzen duten auto bat eta herriko udaltzain baten kotxe propioa kaltetu zituzten erasotzaileek.
Gutxienez hiru ibilgailuetan kalteak eragin zituzten ezezagunek, zapatu goizaldean sartu ziren kiroldegiko aparkalekura. Udaletxeko iturrien arabera “erasotzaileek aldez aurretik pentsatuta zeukaten zein zen jomuga eta kalteak eragiteko modurik eraginkorrena”.
Erasotzaileek marrak egin zituzten bertan aparkatuta zeuden zenbait autoen karrozerietan eta atzerako zenbait ispilu apurtu zituzten. Itxura baten garaje itxi baten barruan zegoen udaltzainaren autoa izan zen kaltetuena.
“Gertakari hauek guztiz soberan daude, eta herritarren batek Udalarekiko kexak baditu, existitzen dira beste bide batzuk kexa eta haserre horiek udaletxean adierazteko. Ez dugu uste era honetan gauzei irtenbiderik eman ahal zaienik, eta orain, zoritxarrez, gutxi batzuek sortutako kalte horiek guztion artean ordaindu beharko ditugu”, adierazi dute udal ordezkariek.
Aipatutako aparkalekuak 130 plaza ezberdin ditu, eta horien artean gainontzekoetatik itxita dauden bi tokiren jabe da Udala, beste plaza batzuen antzera.
Ertzaintzaren Ikerketa Taldea erasoa izandako gunera hurbildu eta zenbait azterketa burutu zituen aztarnak bilatzeko helburuarekin. “Ikerketa oraindik zabalik darrai”, udaletxetik adierazi dutenez.