
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen jaia, UEMA eguna, Mallabian ospatuko da aurten, ekainaren 12an. Aurretik, ekainaren 9an, hizkuntza eskubideen inguruko tailerra egingo da Durangoko Plateruenan.
UEMA eguneko ekitaldiak eguerdiko hamabietan hasiko dira Mallabiko frontoian. Xabier Mendigureni aitortza egingo zaio, euskaren alde izan duen ibilbideagatik. Ondoren mahai ingurua egingo da, ???UEMA: hasierako bultzada eta lehen erakundetzea??? izenburupean.
Eguerdian baita, herrien arteko Xiba jokoak burutuko dira herriko parkean. Bazkari herrikoia 14.30etan hasiko da. Bertan parte hartu nahi dutenek txartelak erosi beharko dituzte Atxondo, Otxandio eta Mallabiko udaletxeetan edo UEMAko bulegoetara deituta. Bazkalostean kantu saioa egingo da bertan daudenen artean.
Arratsaldean umeentzako ipuinak kontatuko ditu Lur Kortak. Ume eta gaztetxoentzat jokoak ere ez dira faltako, Mallabarreneko plazan eta Elizoste kalean egongo dira jarrita egun guztian zehar.
Plazan berriz, musika emanaldiak izango dira, seietan Erlaxi taldearekin dantzaldia eta gaueko hamaiketan Damu Dot talde mallabiarrak disko berria aurkeztuko du.
Durangaldeko hiru herri dira UEMAko kide: Mallabia, Otxandio eta Atxondo. 1991an jarri zen martxan mankomunitatea eta horren helburu nagusia ???herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin bideak urratzea da???. Herri horietan euskal hiztunak %70etik gora dira.