
Inhar Ugarte lehen mailan eta Iker Gordon promesa mailan lortu zituzten atzo Abadiñon lehiatutako Tornosolo kopako txapelak. Pilotari biak Sopelako Kurene elkartekoak dira eta Ugartek Ander Antxia abadiñarra menderatu bazuen Gordonek Joseba Bilbaori irabazi zion.
Gogoratzeko pilota jaialdian, azpimarragarria da Inhar Ugartek Ander Antxiaren kontra jokatutako finalean lortutako garaipena (32-40). Algortakoak pilota teilatuan ondo jarri, tantoak bikain bukatu eta sakearekin egindako 13 tantoetan oinarritu zuen garaipena. Antxia jokoa aldrebesten saiatu zen, erritmo bizia jarri eta ito arazten hasieran, indarrez apurtzen gero, baina ezinean ibili zen.
Ugarteren txapelketa bikaina izan da, kontutan izanda aurkari guztiak bera baino indartsuagoak izan direla. Koadroaren behe aldean hasita, bata bestearen jarraian irabazi ditu partidu guztiak, joko ausarta eta freskoa erakutsiz. Lehenengo partiduan Urruñako Palomés-ek ia kanporatu zuen final zortzirenetan baina partiduari buelta eman eta 35???40 irabazita egin zuen aurrera. Ondoren, Bixintxori 20-40 eta M. Gonzalezi 19-40 irabazi zien.
Iker Gordon sopeloztarrak berriz, pronostikoak bete eta 40-24 irabazi zion Joseba Bilbaori. Faboritoa nagusi izan zen partidu osoan eta trinketerako dituen dohainak erakutsi zituen. Bilbaok gaia baduela argi utzi zuen eta laster gora egitea baduela sumaraziz. Tornosolo Kopa Munduko Pilota Batzarrak antolatutako ‘Trinkete Tour’ egitasmoaren baitan kokatzen da.