Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak Sormen Beka DA egitasmoaren seigarren edizioa deitu dute, eta 2023ko edizioan “ume eta familiei zuzendutako edozein disziplinatako edo diziplinen arteko uztarketatik landutako Sorkuntza Lana sarituko da”, antolatzaileen esanetan. Proposamen irabazleak 15.000 euro eskuratuko ditu.
Ekimenaren helburua “euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da”. Izan ere, 18 urtetik gorako sortzaile berriei zuzenduta dago deialdia eta aurkezten duen proiektua zirkuitu profesionalean bere lehen edo bigarren lana izan behar da.
Lana bakarka edo taldean aurkez daiteke, eta zirkuan, antzerkian, ipuin-kontalaritzan edo antzeko beste jarduera eszeniko batean oinarritu daiteke, edo mahai-jokoa, musika, bideoa eta abarreko arloak landu.
Proposamenak 2023ko irailaren 21era arte aurkeztu daitezke gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidalita, eta eskaera formularioaz gain, sortzailearen curriculuma eta portfolioa eta proiektuaren memoria aurkeztu behar da.
Epai mahaiak proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa kontuan izango dute.
Aurkeztutako lan guztien artean, epaimahaiak lauzpabost proposamen aukeratuko ditu, eta hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute. Lan irabazlearen berri 58. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da, eta 2024an (59. Durangoko Azokan), Saguganbara guneko eskaintzetako bat izango da.
Aurreko bost edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezko, proiektu digitalak eta arte eszenikoko proposamenak saritu dira:
- 2018: ATOPIArpg euskarazko rol jokoa (literatura)
- 2019: Kai Nakai. Iratxe Agileraren lehenengo lana (musika)
- 2020: Bañolet. Lau ataletako telesaila (ikus-entzunezkoa)
- 2021: Barraka. Bideojokoa. Egilea: Ibai Aizpuru.
- 2022: Eukalyptus dantza-antzerkia, Jon Ander Urresti sortzailearen proposamena. (58. Durangoko Azokan estreinatuko da).
Oinarriak, informazio gehigarria eta formularioak www.duragokoazoka.eus estekan eskuragarri izango dira.