Durango Berbaro elkarteak maiatzaren 31n ‘Bagara nor’ goiburupean ospatuko duen 35. urteurreneko egitaraua eman du ezagutzera. Berbaro osatzen duen komunitate guztiarentzako prestatutako eskaintza osoa arratsaldean gauzatuko da Plateruena kultur aterpean, ume, gazte eta helduentzako proposamenak tartekatuta.
Prestatutako egitaraua 18:00etan irekiko den umeen txokoarekin abiatuko da. Bertan serigrafia tailerra, txapa tailerra eta bestelako jolasak izango dira. 20:00etan ‘Ni eta Nitarrak!’ antzezlana eszenaratuko du Iholdi Beristain artistak eta 20:45ean ‘Bagara nor’ ekitaldia hasiko da. Eguneko egitaraua 21:00etan Alde Zaharrean egingo den trikipoteoarekin osatuko da.
Urteurrenerako aukeratutako ‘Bagara nor’ leloarekin euskaraz bizitzeko eta euskararen alde lan egiteko harrotasun eta aldarrikapenean jarri nahi dute arreta. Izan ere, “euskaldunak bagara nor, euskaltzaleak bagara nor eta berbarotarrak bagara nor”, azpimarratu dute Berbaro elkartearen arduradunek.
“Maiatzaren 31 Durangoko euskaltzaleak batzeko eguna izatea nahi dugu, durangarrak euskararen alde biltzeko eguna. Ehundaka eta ehundaka lagun izan gara Berbaroren proiektuaren alde ekin dugunak, ekimenetan parte hartu dugunak, hezitzaile moduan ibili garenak…”, azpimarratu dute.