Badira dagoeneko 50 urte euskal kultura sustatzeko eta ohitura zaharrak berreskuratzeko helburuarekin Otxandioko Urduri dantza taldea sortu zela. Urteetan zehar, beti izan da jende asko batu izan duen taldea. Horregatik, omenaldi xume baino garrantzitsu bat egiteko asmoarekin, bihar, egun ahaztezin bat antolatu dute. Bertan belaunaldi ezberdinetako dantzariak, 250 inguru, batuko dira.
Txistularien kalejirak emango dio hasiera omenaldiari goizeko hamabietan giroa alaitzen joateko. Ordutik eguerdira arte, argazki erakusketa bat ikusi ahal izango da Urduri dantza taldetik igarotako dantzari askoren oroigarriekin.
Jai giroa iluntzean berreskuratuko da. Dantzariak, Andresa Landatik abiatuko dira kalejiran eta zazpietan plazan elkartuko dira dantza ekitaldia herritarrei eskaintzeko. Hau bukatuta, trikitilari eta txistulariekin batera poteoa antolatu da eta bederatzietan, dantzariek, afari herrikoia izango dute.
Urduri dantza taldearen 50. urteurrena era berezian amaitzeko, erromeria bat egongo da herritar guztientzat.
Urduri dantza taldeak urte guzti hauetan zehar Otxandioko herritarrek eskainitako borondatea eskertu nahi du, izan ere, ???horregatik izan ez balitz, horrenbeste urte, horrenbeste partaiderekin, dantza taldeak ez zuelako aurrera egingo???.