Elorrioko Arriola Antzokiak antolatutako 24 Ordu Digitalean filma laburren lehiaketa ospatu zen asteburuan eta lehiatu ziren zazpi lanen artean Urrats taldearen ‘Galera’k jaso zuen lehen saria. Irabazleak 700 euroko diru-saria eskuratu zuten.
Barikuan hasi eta zapatuan amaitu zen XVI. edizioko finalistak Banda Apartak aurkeztutako ‘Odiseoren paradoxa’ eta Atabalak taldeak egindako ‘Nun hago?’ ikus-entzunezkoak izan ziren. Bakoitzak 500 euroko diru-saria eskuratu zuen.
Edizio honetarako aukeratutako gaia ‘Askatasuna’ izan zen; partaideek tartekatu behar zuten esaldia “Hodei bakoitzak bere zilarrezko estaldura du”; eta filman agertu behar zen objektua ‘luma’ zen.
Aurtengo lehiaketarako bederatzi taldek eman zuten izena, baina Covid-ak eraginda, azkenean zazpi lanek hartu zuten parte. 24 ordutan sortutako lanen emanaldia zein sari banaketa Arriola Antzokian egin ziren, Elorrioko Arrapaladan antzerki taldeak aurkeztutako saioan.
Edizio honetako epaimahaia Goiuri Aldekoa Otalorak, Xabier Zabalak eta Iratxe Mediavillak osatu zuten.