
Azken urtebetean mendiko istripuetan hildako euskal mendizaleak gogoratuko dituen Oroimen Eguna ospatuko da bihar, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkartzen diren lekuan kokatzen den Besaide tontorrean.
1955. urtetik hutsik egin gabe iraileko hirugarren domekan ospatzen den Oroimen Egunak azken urtebetean zendutako mendizalek gogoratuko ditu aurten ere. Ohikoa denez, Besaide inguratzen duten herrietako mendizale taldeak arduratzen dira egunaren antolaketaz, eta aurten Aramaioko Orixol Mendizale Taldeari dagokio eguneko egitaraua prestatzea.
Herri desberdinetako mendizaleak Elorrio, Atxondo, Arraste zein Aramaiotik igoko dira Besaidera, non 11:00etan egingo den oroimen ekitaldi zibilarekin abiatuko den eguneko egitaraua. Ondoren Jose Ramon Alonso Euskal Mendizale Federazioaren lehendakariaren mintzaldia eta monumentua babesteko ekitaldia egongo dira.
Goizean zehar bertsolari, dantzari, txistulari, trikitilari eta txalapartarien ekitaldiak egongo dira eta antolatzaileek jatekoa eta edariak eskainiko dituzte bertan jarriko duten txosnan.