Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak eta eskualdeko udalek Durangaldeko euskaldunen komunitate digitala izango den webgunea sortu dute, ‘Euskaraldia, 11 egun euskeraz’ ekimenaren baitan. Aste batzuk direla bideoa aurkeztu ondoren, orain hedabide berria martxan jarri dute.
Webgune hau Durangaldeko herritar guztien esku geratuko da hemendik aurrera, “ekimena sustatzeko bitarteko gisa”, Amankomunazgotik adierazi dutenez. Herritarren izen-emate ofiziala irailean hasiko da eta webgune honetan aukera dago bakoitzaren rola hobeto ezagutzeko eta informazioa jasotzeko.
‘Euskaraldia, 11 egun euskeraz’ ekimena berriz, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean burutuko da Euskal Herri osoan eta parte hartzeko bi baldintza baino ez dira bete behar: euskaraz hitz egitea edo ulertzeko gai izatea eta 16 urtetik gorakoa izatea.
Ekimen horrekin bat eginez, Durangaldeko herriak elkarlanean bildu dira Euskaraldia egitasmora, eskualdeko euskaltzaleek “euskara ahalik eta gehien erabili” dezaten. Izan ere, egitasmo honek hizkuntza ohituretan eragitea du helburu, euskara gehiago praktikatuz eta euskarazko komunikazioa bermatuz.
Webgune berrira sartzeko, http://euskaraldia.durangaldea.eus/ loturaren bidez egin daiteke zuzenean edo ‘Zarea’, Durangaldeko euskararen sarearen bidez, non Euskaraldiko informazio gehiago ere eskaintzen duen.