Xabier Hernandez Llonak aurkeztutako ‘Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan’ deituriko proiektuak irabazi du XVI. Santiago Onaindia Ikerketa Beka. Irabazleak 12.000 euroko dirulaguntza izango du eta egitasmoa 2021eko udaberrirako eginda izan behar du.
Irabazleak aurkeztutako proiektuaren bokazioa literaturaren didaktikan diharduten eragile desberdinen artean adostutako bidea zedarritzea litzateke, etorkizunean literaturak gaztearen garapen emozional-afektibo zein kognitiboan modu positiboan eragiteko.
XVI. edizio honetan bost proiektu aurkeztu dira. Lan hauek epaimahai batek aztertu ditu, hain zuzen ere Ametx erakunde autonomoko presidenteak eta euskal literaturaren alorreko hiru adituk.
XV. edizioko liburua
Bekaren helburua euskal literaturaren alorrean ikerketa sustatzea da, eta bidez batez, Santiago Onaindia euskal idazleari omenaldi bat egitea. Ekimena Amorebieta-Etxanoko Udalak Ametx erakunde autonomoaren bidez urte birik behin gauzatzen da eta bekak Labayru Institutuaren laguntza jasotzen du.
Gaur egindako ekitaldian bekaren XV. edizioko irabazleak izan ziren Lourdes Otaegi eta Garazi Otsagabiaren liburua aurkeztu da. ‘Beste gerrako kronikak. Bikote harremanak eta indarkeria Ramon Saizarbitoriaren eleberrigintzan” izenburuarekin aurkeztutako liburua Labayru Fundazioak argitaratu du. “Egileek lan honetan arreta berezia eman diote Saizarbitoriaren eleberrietan pertsonaia maskulino eta femeninoen arteko harremanetan iradokitzen diren mezuen zentzuari”, Amorebieta-Etxanoko arduradunek adierazi dutenez.