
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Fasearen bosgarren saioa jokatu zen zapatuan Derion, eta bertan aritu zen Xabier Irakulis zornotzarra zazpigarren sailkatu zen. Uribe Kostako Imanol Uria izan zen zortzi bertsolari bildu zituen saioko irabazlea.
Fase honetako saio bakoitzean sei bertsolari lehiatzen badira ere, Derion jokatutako bosgarren ekitaldiak zortzi partaide bildu zituen. Kanporaketa ikuslez beteta zegoen Gurea aretoan egin zen eta eskualdeko ordezkari bakarra Xabier Irakulis izan zen.
Irakulisek 139,5 puntu lortu zituen eta zazpigarren tokian sailkatu zen, eta Imanol Uria irabazleak berriz 198 puntu lortu zituen. Bildutako puntu kopuru horrekin Udabarriko Faseko sailkapenaren buruan jarri da Uria, Nerea Ibarzabal baino puntu erdi gehiagorekin eta Arrate Ilarro baino puntu bat gehiagorekin.
Derioko saioko bigarren postua Uribe Butroeko Mikel Goirienarentzat (180) izan zen eta jarraian Uribe Kostako Beñat Vidal (166) Lea-Artibaiko Aissa Intxausti (161,5), Enkarterri-Ezkerraldea-Meatzaldeako Ion Barrocal (157,5) eta Itsaso Paia (156,5) sailkatu ziren. Zortzigarrena Busturialdeko Koldo Gezuraga (132) izan zen.
Gai emaile beharretan Amaia Ugalde aritu zen eta epaimahaikideak Jon Jaio, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izan ziren. Idazkaria berriz Itziar Basterretxea izan zen.
Sarriugarte, Orozkon
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Faseko kanporaketa bi jokatuko dira datorren asteburuan. Lehena zapatuan, izango da, Sodupeko kultur etxean (Gueñes), arratsaldeko 17.30ean hain zuzen. Agertokian Axier Goñi, Eneko Arrate, Jon Larrabide, Josu Landeta, Peio Arondo eta Txaber Ormazabal arituko dira.
Asteburuko bigarren saioa domekan izango da Orozkoko Donibane aretoan, arratsaldeko 17.30ean hasita. Partaideen artean Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra egongo da eta berarekin batera Asier Galarza, Ekaitz Larrazabal ‘Katxo’, Ibon Larrazabal ‘Larra’, Joanes Igeregi eta Nuria Cortada igoko dira oholtzara.