
Zabalduko Ditugu gazteen etxebizitza eskubidearen aldeko dinamikak, Durangoko Udalak etxebizitza hutsak betetzeko alokairu programaren hutsegitea salatu du, “ez dutelako etxebizitzak alokatzea lortzen”. Egoera horri aurre egiteko, alokatzeko baldintzak malgutzea eskatuko diote Udalari.
Etxebizitza eskubidearen aldeko ekimenak aurreko astean aurkeztu zuen ikasturte honetarako prestatutako planteamendua, Andra Mariko elizpean egindako asanbladan. Bertan “1576 etxebizitza hutsik daudela” salatzeaz gain, aurten “etxe horietatik apurka apurka batzuk zabaltzea” dute helburu.
Bilera horretan, Udalak etxebizitzaren inguruko gaia konpontzeko programa bat abiarazi zuela gogoratu zuten, baina egitasmo horrek ez duenez oinarriko helburua bete, gazteek proposamen bat egingo diote.
Kontuan izanda “alokatzeko baldintzak gogorregiak” direla eta horrek programan sartzera oztopatzen duela, “Udalaren programa gazteen baldintzetara egokitu behar dela” diote Zabalduko Ditugu ekimeneko kideak. Horregatik “baldintza duinetan oinarritua egongo den alokairu soziala proposatzen dute”.
Egindako proposamena aurrera eramateko derrigorrezkoa denez etxebizitzak izatea, hainbat etxe zabaltzea proposatzen dute. Alde batetik, “bankuen etxebizitza hutsak udalak gestionatzea” eskatzen dute, banketxeekin akordioetara iritsi eta gero. Bestalde “udalak izan ditzakeen etxe hutsak ere, alokairu sozialerako programa horretan txertatzea” nahi dute.