Zaharraz Harro taldeak egindako ‘G A’ filmak irabazi zuen Durangoko Berbaro elkarteak asteburuan ospatutako Labur Esanda film laburren lehiaketa. Aurreko edizioarekin alderatuta, 2021ekoak parte hartze baxuago izan zuen.
Arantza Arrazola, Ander Sagardoy eta Miren Erdoiza epaimahaikideen arabera, Zaharraz Harro taldeak aurkeztutako lana izan zen onena eta horregatik eskuratu zituen lehen sariaren 300 euroak. Finalistak berriz, Purpur taldearen ‘Desinstalatu’ lana eta Tarkovskyren semeak taldeak izen berekin egindako bideoa izan ziren. Bakoitzak, 100na euroko saria jaso zuen.
Parte hartzaileek barikuan, 16:00etan, jaso zituzten filmak egiteko baldintzak. Oinarrien arabera ‘gezurra’ zen filma egiteko gaia; sartu beharreko objektua ‘aloe vera’ zen; eta tartekatu beharreko esaldia ‘inurriarentzat ihintza uholde’.
Filma egileen parte hartzea aurreko ediziokoa baina baxuagoa izan arren, San Agustin Kultur Gunean egindako sari banaketa ekitaldian egon zen “giro ona” eta gerturatutako “jende ugaria” azpimarratu zuten antolatzaileek. Hori dela eta, “datorren urtean ere euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza sustatzeko lehiaketa honekin jarraituko dugu”, azpimarratu zuten Berbaroko kideek.