Zailtasun desberdineko bi ibilbide izango ditu aurten ere Erdella Mendi Taldeak domekarako, hilak 29, antolatutako Elorrioko Birak. XXIV. edizioa beteko duen ekimenak 32,21 kilometro edo 15,34 kilometroko ibilbideak proposatzen ditu. Ibilbide luzea egin nahi dutenek goizeko7:30ean abiatuko dira eta ibilbide laburra egin nahi dutenek 9:00etan.
Ibilbide luzea aukeratzen dutenek Elorrioko plazatik abiatuko dira eta Memaia (679 metro) igo ondoren Atxaurrutxagane (979) eta Udalaitz (1.117) mendi tontorrak gaindituko dituzte. Ondoren, Kanpanzar eta Kañueta zeharkatuko dituzte, Intxorta (737) eta Erdella (683) igo aurretik. Ibilbidearen azken zatian San Lorentzo, Berriozabaleta eta San Agustin Etxebarria zeharkatuko dituzte, berriro Herriko plazara heldu aurretik.
Ibilbide hau 16 urtetik gorako mendizaleentzat prestatuta badago ere, bide hori adin horren azpiko gazteek egin ahal izango dute nagusi batek lagunduta.
Ibilbide laburra
15,34 kilometro luzera izango duen ibilbide laburra ere Herriko plazatik abiatuko da eta ondoren Aldape, Elgetako bidea, Erdella eta San Lorentzo zeharkatuko dira. Partaideak Berriozabaletara eta San Agustin Etxebarrira gerturatuko dira ondoren eta amaiera Herriko plazan izango dute.
Erdellak antolatutako ekimen hau ez da lehiakorra, “oinez ibiltzeko da eta ez lasterketa egiteko” antolatzaileen arabera. Hala ere, kontroletako zigiluak dituzten partaideei diploma bana emango zaie.
Ibilbidean kokatuko diren kontrol postuez gain, anoa lekuak jarriko dituzte Kanpazarren eta San Lorentzon eta biraren amaieran dutxak erabiltzeko aukera egongo da.
Parte hartzea doakoa bada ere bertaratu nahi duten mendizaleek izena eman behar dute 94 6582179 telefonoaren erantzungailuan mezua utzita edo interneteko http://www.erdellamt.com/bira2019.html helbidean. Izen-ematea irteera puntuan ere egin daiteke, goizeko 6:30etatik 7:30etara bira luzea egitea nahi dutenek, eta 8:30etatik aurrera ibilbide laburra egitea nahi dutenek.