Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak eta Durangoko Udalak bi ikastaro prestatu ditu senitarteko zaintzaileak lagundu, orientatu eta prestatu nahi dituen ‘Zaindu Durangaldea’ programaren baitan.
Zaindu programak eguneroko bizitzan laguntza behar duen pertsona bat zaintzea zeregin konplexua eta ikusgaitza dela hartzen du oinarri. Zaintzaileek, gainera, ardura, ahalegin, ezaguera eta antolakuntzarako gaitasun handiak behar izaten dituzte, eta horrek guztiak eragina dauka beraien bizitzan.
Egitasmo honen bidez senitartekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen dira urtean zehar, laguntza psikologiarako tailerrak eta formakuntza ikastaroak tarteko. Programa honetan mendeko pertsonak zaintzeko gaitasun eta trebetasunetan hezitzeaz gain, zaintzaileak bere burua zaintzen ere ikasten dute.
Orain antolatutako ikastaro biak norbanakoaren burua aktibarazteko eta Alzheimer gaixotasunaren aurrean nola jardun behar den ikasteko aukera izango dute.
‘Bere burua aktibarazi: Eguneroko bizitzarako ideiak’ deituriko ikastaroaren lehen hitzordua astelehenean izan bazen ere Zaldibarreko Liburutegi zaharrean, beste saio bait izango da leku berean datorren astelehenean, otsailaren 27an, arratsaldeko 17:00etatik 18:30era.
Ikastaro honetan “gure dependentziadun senideen eguneroko bizitza entretenitu, estimulatu eta aktibatzeko ideiak landuko ditugu”, antolatzaileen esanetan. Ekintza fisiko eta mentala murrizteak, ekintza atseginen gozamena murrizteak eta harreman sozialak gutxitzeak eragiteaz gain, jokabide zailak agertzea, pertsonak okerrera egitea eta zaintza lana zailagoa izatea eragiten du.
Alzheimerra eta beste dementzia batzuk
‘Alzheimer gaixotasuna eta beste dementzia batzuk’ da bigarren ikastaroaren izenburua eta berau Durangoko Pinondo Etxean emango da martxoaren 6an, 13an, 20an eta 27a, arratsaldeko 17:0etatik 18:30era.
Ikastaro honetan kontuan izango dute “dementzia harridura sortzen duen gaixotasuna dela” eta bertaratzen diren partaideek gaixotasunari nola aurre egin ikasiko dute sintomak, motak eta jokabidearen nahasteak ezagututa.
Mendekotasuna duten senitartekoen zaintzaileek Durangoko adinekoen udal egoitzan (P.P. Astarloa kalea 1, 2.) dagoen Zaindu Durangaldeara jo dezakete 9:00etatik 13:00etara, laguntza, prestakuntza eta orientazio bila; baita 946030046 telefonora deitu edo e-maila idatzi durangaldea@zaindu.eu helbide elektronikora.