Abadiñoko herritar talde batek sortutako Udalgintza Herrigilea ekimenak, ‘Abadiñarrak zaintzen’ hitzaldi zikloa hasiko du gaur, 18:30ean, Errota kultur etxean. ‘Zaintza sistemaren ikuspuntu berritzaile bat’ deituriko berbaldian, eguneko zentroak, egoitzak edo zaintza komunitate kolektiboak izango dira hizpide.
Lehen solasaldian, Errotik kooperatibako Gisela M. Bianchi Pernasilici, eta Gizarte Ekintzako Bizkaiko Batzarkidea Izaskun Duque Santacoloma mintzatuko dira. Abadiñoko EH Bilduko zinegotzia Naiara Bildosola Narbaiza izango dela dinamizatzailea.
Bianchik eskainiko duen solasaldian, ‘zer ulertzen dugu zaintzaz?’ eta ‘nork hartzen du erantzukizuna?’ bezalako galderak erantzungo ditu, eta Duquek Bizkaiko nagusien zaintza sistema eta etorkizunerako proposamen berritzaileak izango ditu hizpide.
Energia mintzagai
Antolatutako solasaldien bidez, “egunerokotasunean sortzen zaizkigun kezkei konponbideak bilatzeko eta elkarrekin hausnartzeko” proposamena eskaintzen du Udalgintza Herrigilea ekimenak. Gainera, “herrian jabekuntza prozesu bat egiten” hastea nahi dute, “arazoen aurrean konponbideak bideratu ditzagun”.
Energia eta horren prezio igoerak eta ingurugiroaren xahutzearen aurrean dauden aukerek izango dira abenduaren 14an egingo den bigarren solasaldiko gaia. Berbaldia, Txanportan izango da, 18:30ean hasita.